Osakidetzako larrialdiek, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneak hartzen dute parte HeliNET proiektuan. Proiektua, beren estaldurapeko guneetan –Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berria– gerta daitezkeen larrialdi, erreskate eta hondamendi egoerei elkarrekin aurre egiteko heliportuen eta heli-azaleren behin betiko kokalekuen hautaketa prozesua amaitzen ari da.

 

Proiektuaren bazkideek bideo-konferentzia bitartez POCTEFA HeliNET proiektu europarraren Partzuergoaren 6. bilera egin dute. Topaketa telematikoan, kokalekuen hautaketa prozesuan izandako aurrerapenen berri eman da. Prozesu horretan helikopteroetako pilotuen laguntza teknikoa jasotzen ari dira.

Bileran, erantzun bateratuko protokoloetan egindako lanen berri eman da. Ildo horretan, hauek ezartzen eta prestatzen ari dira: elkarren arteko laguntzarako misioetan jarduteko protokolo komunak; larrialdi-egoeretan jarduteko gidak; jarduketa bateratuak; osasun-larrialdi espezifikoetan jarduketa pilotuetarako gutxieneko protokoloak, gidak eta ekipamenduak; eta koordinazio-zentro operatiboetarako erabakiak hartzen laguntzeko tresna bat.

HeliNET proiektuko bazkideek Tele-medikuntzako ekipamenduekin egindako lana azaldu zuten. Ekipamendu horiek asko erabiltzen ari dira COVID-19aren aurrean, ospitaleen baliabideetatik urrun dauden biztanleei zerbitzua emateko.

Topaketan era positiboan baloratu da koordinazioa hobetzeko asmoz egindako prestakuntza-trukea, muga inguruko eremuetan egunero gerta daitezkeen gorabeherei arreta arloko erantzun onena emateko. Ekimen hori Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneko (Baiona) eta Nafarroako Babes Zibileko langileen artean egin zen alarma-egoera ezarri aurretik, eta hiru lurraldeetako larrialdi-zerbitzuetako operadoreekin berreskuratuko da COVID-19aren pandemia gainditu ondoren.

 

HeliNET proiektua

Proiektuaren %65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga inguruko ekonomia eta gizarte arloko integrazioa indartzea da. Programa horren laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretako mugaz gaindiko jardueren garapenean zentratzen da, lurralde garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.