Euskadik, Nafarroak eta Nouvelle Aquitainek informazioa trukatzen jarraitzen dute mugaz gaindiko HeliNET proiektuaren barruan, koordinazioa hobetzeko asmoz, egunez egun mugako eremuetan gertatzen diren gertakariei erantzun asistentzial egokia emateko.
Côte Basque-Samu64A Ospitaleko Guneko (Baiona) bi operadorek Nafarroako Babes Zibileko langileekin prestakuntza truke batean parte hartu dute urtarrilaren 23an eta 24an. Bi jardunaldi horietan larrialdietako 112 SOS-Navarra telefonoaren funtzionamendua eta kudeaketa sistema ezagutu dituzte. Aurkezpena Isabel Anautek egin du. Alfonso Arrietak ospitalez kanpoko larrialdietako koordinazio medikuaren funtzionamendua azaldu du. Ondoren, 112ren operazio-aretoaren funtzionamendua ezagutu dute, eta operadore bati deiak artatzen lagundu diote.
Prestakuntza trukearen bigarren jardunaldian, Samu64A zerbitzuko operadoreak mediku batekin egon dira 112 zerbitzuko gelan. Jarraian, Cordovillako Suhiltzaileen Parkea bisitatu dute. Bertan, ospitalez kanpoko larrialdietako talde bat dago, eta iritziak trukatu eta zenbait baliabide ikusi ahal izan dituzte: bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia (ASVA) eta aginte postu aurreratua (APA). Miluceko heliportua ere bisitatu dute, eta Iñigo Beorlegui helikoptero medikalizatuaren pilotuarekin informazioa trukatu ahal izan dute; hark aireko baliabideekin ematen den osasun-larrialdiko arretaren funtzionamendua azaldu die.
Urtarrilaren 30ean eta 31n bigarren bisita egingo da, eta geroago, SOS Nafarroako langileek Baionako Samu64Aren instalazioak eta lana ezagutuko dituzte.
Osakidetzako Larrialdiek, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneak parte hartzen duten HeliNET proiektuaren %65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga inguruko ekonomia eta gizarte arloko integrazioa indartzea da. Programa horren laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretako mugaz gaindiko jardueren garapenean zentratzen da, lurralde garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.