“Larrialdietan mugaz gaindiko lankidetza hobetzea” izenburupean, Biarritzek POCTEFA HeliNET proiektu europarraren Mugaz Gaindiko 3. Jardunaldia hartuko du azaroaren 21ean, ostegunean. Larrialdien arretarako Nafarroaren, Akitaniaren eta Euskadiren artean heli-azaleren mugaz gaindiko sarea osatzeko eta helikopteroen erabilera sustatzeko. Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak, Osakidetzako Larrialdiek eta Côte Basque-Samu64A ospitaleak osaturiko HeliNET partzuergoak lankidetza areagotu nahi du babes zibileko arriskuak eta baterako ekintzak kudeatzeko, eta elkarri laguntzeko misioetarako eta premia eta larrialdi egoeretarako protokolo komunak eta gidak aurrera eramateko.

“Larrialdietan mugaz gaindiko lankidetza hobetzea” izena izango duen eta Cité de L´Océan izenekoan (Biarritz) egingo den jardunaldian, HeliNET proiektua aurkeztuko da, eta isolatuta edo ospitale azpiegituretatik urrutien dauden biztanleria-guneei laguntzeko eta esku hartzeko erak aztertuko dira. Jardunaldiaren hasieran, Jean Rene Etchegaray Euskal Kostaldea Aturri Aglomerazioko presidenteak, Michael Glanes Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroko zuzendariak eta Tarak Mokni SAMU CH Baionako mediku buruak hartuko dute parte.

Goizean, telemedikuntzari, helikopteroz egiten diren osasun misioetan dagoen estresaren kudeaketaren prestakuntzari, aireko unitate pediatrikoari eta larrialdien telefono bidezko esku-hartzeen zuzendaritzari buruzko esperientziak partekatuko dira. “Estresa eta larrialdia” izeneko lehenbiziko mahai-inguruan, SAMU CH Baionako Julie Larrieu doktoreak helikopteroz egiten diren osasun misioetan dagoen estresaren kudeaketari buruz hitz egingo du. Angel Martin Osakidetzako Larrialdietako erizainak, hegaldian osasun larrialdi bat nola kudeatu aztertuko du bere hitzaldian. Azkenik, Laurent Chyselenek helikoptero bidezko garraioak haur jaio berrietan duen eraginari buruz hitz egingo du.

Bigarren mahai-inguruaren gaia “Helikoptero taldeen eraketak” izango da. Jean Louis Graciet SAMU CH Baionako erizainak helikopteroan doazen osasun arloko langileek prestakuntza aeronautikoa izateko aukeraz hitz egingo du. Diego Gonzalez Osakidetzako osasuneko helikopteroaren gidariak pilotuek eta laguntzaileek erreskaterako trebetasunak izatearen komenigarritasunaz hitz egingo du. Iñigo Beorlegui Nafarroako pilotuak, aireko erreskate unitate batean aparatu idealak izan behar dituen ezaugarriak azalduko ditu.

Arratsaldeko saioan medikuntzari buruz hitz egingo da, SAMU CHU Poitierseko Jonquier doktorearen parte-hartzearekin. Anbulantzia pribatuen eta SAMUren arteko telemedikuntzako esperientzia azalduko du. SAMU CH Baionako Patrick Michaudel eta Stéphane Cazala doktoreek, telemedikuntza low-cost medikuntza ote den galderari erantzungo diote. Nafarroako Babes Zibileko Reyero Diez doktoreak istripu baten parametroak larrialdietarako deiak kudeatzen dituen zentrora bideratzearen interesa jorratuko du.

Eguneko azken mahai-inguruan, Osakidetzak Gipuzkoan duen Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko Txema Unanue sendagileak telefono bidezko enpatiari buruz hitz egingo du; SAMU CH Baionako Thomas Mezzanok larrialdiko esku-hartze bat telefonoz nola bideratu azalduko du; eta Jose Javier Boulandier Nafarroako Babes Zibileko kideak, kontrol zentroen arteko telefono trukeak hobetzeko bere esperientzia jarriko du mahai gainean.

 

HeliNET Proiektuari dagokionez

Lehenbiziko bi jardunaldiak Donostian eta Iruñean egin zituen eta hirugarrena datorren azaroaren 21ean Biarritzen egingo duen HeliNET proiektua, mugaz gaindiko arriskuei aurre egiteko beharra aurreikusten duen lanaren barruan sartzen da, lurraldeko eragileek gertakariei aurre hartzeko eta erantzuna planifikatzeko duten gaitasuna hobetuz, eta baita arrisku espezifikoei eta hondamendi naturalei eman beharreko erantzunaren kudeaketan ere.

Horretarako, Osakidetzako Larrialdiak, Nafarroako Babes Zibila, Nasuvinsa eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Gunea lanean ari dira laguntzako, arretako edo erreskateko helikopteroek lurra hartu ahal izango duten azaleren sarea hobetzeko eta, beste alde batetik, partzuergoko parte diren lurraldeen artean erantzun koordinatua eta integratua planifikatzeko, antolatzeko eta testatzeko.

Proiektuaren %65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga inguruaren ekonomia eta gizarte arloko integrazioa indartzea da. Programa horren laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretako mugaz gaindiko jardueren garapenean zentratzen da, lurralde garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.