“Larrialdi-misioetako helikopteroak” izenburupean, Iruñeak Europako POCTEFA HeliNET proiektuaren Mugaz gaindiko 2. Jardunaldia jasoko du martxoaren 21ean, ostegunean. Proiektuaren xedea, heli-azaleren mugaz gaindiko sarea garatzea eta Nafarroa, Akitania eta Euskadi artean larrialdiei arreta emateko helikopteroen erabilera indartzea da. Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak, Osakidetzako Larrialdiek, eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneak osatzen duten HeliNET Partzuergoak lankidetza sustatu nahi du arriskuen kudeaketan eta babes zibileko ekintzetan, elkar laguntzako misioetarako eta larrialdi eta premia egoeretarako protokolo komunak eta gidak garatuz.

Iruñeko Planetarioan egingo den “Larrialdi-misioetako helikopteroak” jardunaldian HEliNET proiektua aurkeztuko da, eta hainbat gai landuko dira: osasun arreta helikopteroan; helikopteroak suak itzaltzeko misioetan; dronak eta aireko arautegia; eta helikopteroen erabilera erreskate eta salbamendu lanetan. Ehun pertsona baino gehiagok eman dute jadanik izena jardunaldian, baina izen ematea oraindik irekita dago.

Jardunaldia María José Beaumont Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia sailburuak inauguratuko du. Osasun arreta helikopteroan atalean Osakidetzako, Sistema d’Emergències Mèdiques de Cataluñako eta SAMU 64Ako adituek hartuko dute parte. Nafarroako Suhiltzaileek, Servicio de Gestión de Incendios Forestales de Aragónek eta Bombers de Cataluñak, helikopteroekin suteak itzaltzeko misioetan dituzten esperientziak partekatuko dituzte. Dronei eta aireko arautegiari buruzko atalean Heligráfics-eko kideak, Foru Poliziak eta AENAk hartuko dute parte.

Arratsaldeko saioan, helikopteroen erabilera erreskate eta salbamendu lanetan gaia landuko da, Nafarroako Suhiltzaileetako, Kantabriako Larrialdi Zerbitzuetako, Asturiaseko Printzerriko Larrialdi Zerbitzuetako eta Ertzaintzako GRT adituekin.

 

HeliNET proiektuari buruz

HeliNET Proiektua, mugaz gaindiko arriskuei aurre egin beharra aurreikusten duen laneko ildoaren barruan dago, lurraldeko aktoreek aurrea hartzeko eta erantzuna planifikatzeko duten ahalmena hobetuz, arrisku espezifikoei eta hondamendi naturalei eman beharreko erantzunaren kudeaketa bera baztertu gabe.

Horretarako, Osakidetzako Larrialdiak, Nafarroako Babes Zibila, Nasuvinsa eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Gunea lanean ari dira, arretako, erreskateko edo laguntzako helikopteroek lurra hartu ahal izango duten azalera sarea hobetzeko eta, beste alde batetik, partzuergoa osatzen duten lurraldeen artean erantzun koordinatua eta integratua planifikatzeko, antolatzeko eta testatzeko.

Proiektuaren %65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga inguruaren ekonomia eta gizarte arloko integrazioa indartzea da. Programa horren laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretako mugaz gaindiko jardueren garapenean zentratzen da, lurralde garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.