Baionan, 2019ko urtarrilaren 31n.

Osakidetzako Larrialdiek, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneak, HeliNET izeneko Europako POCTEFA proiektuaren Partzuergoaren 3. bilera egin dute Baionan, larrialdi, erreskate eta hondamendi egoeratan arriskuen kudeaketa bateratua eta elkarri laguntzeko misioak aurrera eramateko mugaz gaindiko lankidetza sarea sortzeko eta antolatzeko, helikopteroen erabilera indartuz.

Topaketan, arriskuen kudeaketaren lankidetzan eta babes zibileko eta osasun zerbitzuetako ekintza bateratuen alorretan datozen sei hilabeteetan aurrera eraman beharreko jarduerak planifikatu dira, heli-azaleren eta heliportuen mugaz gaindiko sarearen garapena eta ariketak eta simulakroak batera gauzatzeko proba pilotuak.

HeliNET Partzuergoaren bileran, Euskadin, Nafarroan eta Akitania Berrian dauden baliabideak erakusten dituzten zenbait web tresna aurkeztu dira. Aplikazio horiei esker, Osakidetzako Larrialdiek, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta la Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneak partekaturiko informazioa ikusteko aukera izango dute, horrela, besteen baliabideak, haien ezaugarriak, kokapena eta, etorkizunean, erabilgarritasuna kontsultatu ahal izateko.

Bilera horretan sarearen dimentsio operatiboaren ezarpenean eta elkarri laguntzeko misioetan jarduteko protokolo komunetan egin da aurrera. Proiektu horren barruan, larrialdi eta urgentzia egoeratan jarduteko gida bateratuak ezartzea ere jasotzen da.

HeliNET proiektua, mugaz gaindiko arriskuak lantzeko beharra aurreikusten duen laneko ildoan sartzen da, lurraldeko eragileek erantzunari aurre hartzeko eta hori planifikatzeko duten gaitasuna hobetuz, eta baita arrisku espezifikoei eta hondamendi naturalei eman beharreko erantzunaren kudeaketan ere.

Horretarako, Osakidetzako Larrialdiak, Nafarroako Babes Zibila, Nasuvinsa eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Gunea lanean ari dira laguntzako, arretako edo erreskateko helikopteroek lurra hartu ahal izango duten azaleren sarea hobetzeko eta, beste alde batetik, partzuergoko parte diren lurraldeen artean erantzun koordinatua eta integratua planifikatzeko, antolatzeko eta testatzeko.

Proiektuaren %65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga inguruaren ekonomia eta gizarte arloko integrazioa indartzea da. Programa horren laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretako mugaz gaindiko jardueren garapenean zentratzen da, lurralde garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.