Osakidetzako larrialdiek, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneak parte hartzen duten HeliNET proiektuak, proiektuan garatutako ekintzak eta tresnak aurkeztu ditu urriaren 9an egindako Pirinioetako Lan Elkartearen (CTP) bileran. Ekintza eta tresna horiek interesgarriak izan daitezke osasun arloko Pirinioetako estrategiarako.

Era telematikoan egindako jardunaldian, Isabel Anautek (Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko Zerbitzua) eta Carlos Chocarrok (Navarra de Suelos y Viviendas-Nasuvinsa) hartu dute parte. Proiektuaren egungo egoera ezagutzeko ibilbidea egin dute. Proiektua, mugaz gaindiko lankidetza-sarea sortzeko eta antolatzeko egin zen, larrialdi, erreskate eta hondamendi egoeretan arriskuak eta laguntza misioak elkarrekin kudeatzeko, helikopteroen erabilera indartuz. Isabel Anautek hiru lurraldeetako heliazaleren/heliportuen behin betiko kokalekuak aurkeztu ditu.

Lan-bileran, halaber, Euskadin, Nafarroan eta Nouvelle Aquitainen dauden baliabideak erakusten dituzten hainbat web-tresna aurkeztu dira. Aplikazio horiek aukera ematen diete Osakidetzari, Nafarroako Babes Zibilari, Nasuvinsari eta Côte Basque-Samu64A Ospitaleari partekatu duten informazioa ikusteko, gainerakoen baliabideak, ezaugarriak, kokapena eta, etorkizunean, eskuragarritasuna kontsultatu ahal izateko.

CTP Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren (POCTEFA 2014-2020) kudeaketa-agintaritza da.

 

HeliNET proiektua

Proiektuaren %65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga inguruko ekonomia eta gizarte arloko integrazioa indartzea da. Programa horren laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretako mugaz gaindiko jardueren garapenean zentratzen da, lurralde garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.