Iruñean, 2022ko apirilaren 29an. Iruñean egin da POCTEFA HeliNET proiektu europarraren azken mintegia. Azken hilabeteotan, mugaz gaindiko heliazalera-sare bat garatu eta helikopteroen erabilera bultzatu du, larrialdiei Nafarroaren, Akitaniaren eta Euskadiren artean erantzuteko. Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak, Osakidetzako Larrialdiek eta Côte Basque-Samu64A Ospitaleak osatutako HeliNET partzuergoak arriskuak eta babes zibileko ekintza bateratuak kudeatzeko lankidetza areagotzeko, protokolo komunak garatzeko eta premia eta larrialdi egoeretan elkarri laguntzeko misioak gauzatzeko gidak prestatzen egin du lan.

Iruñeko Planetarioan egin den jardunaldian, HeliNET proiektuak hiru eskualdeetan izan duen eragina aurkeztu da, eta gai hauek jorratu dira: larrialdietan helikopteroak erabiltzeak dituen erronkak, aireko zerbitzu medikoek osasun-erantzunean duten zeregina, telemedikuntza helikopteroan eta droneak larrialdien kudeaketan integratzea. Hirurogeita hamar pertsona izan dira mintegi horretan, eta proiektuaren azken emaitzak aurkeztu dira bertan.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak inauguratu du mintegia. HeliNET proiektuaren eraginari dagokionez, Trinidad Sainzek HeliNET proiektuaz eta larrialdiak kudeatzeko azpiegitura egonkorrez hitz egin du; Carlos Chocarrok larrialdiak kudeatzeko GIS tresnen aplikazioen erabilera azaldu du; Txema Unanuek mugaz gaindiko larrialdien kudeaketaren koordinazioa aurkeztu du; eta Edouard Gaultek larrialdiei aurre egiteko dauden baliabideen optimizazioan oinarritu du bere hitzaldia.

Sare fisikoari dagokionez proiektuaren emaitzen artean, azpimarratzekoa da Nafarroak Leitzan, Larraintzarren, Saldietan, Lekunberrin eta Izaban behin-behineko bost heliportu berri eraikitzeko lanak amaitu dituela eta, gainera, Miluzeko basea handitzeko eta Belaguako heliazalera egokitzeko eta argiztatzeko lanak egin ditu.

Nouvelle Aquitainen Baionako, Bidaxuneko, Kanboko, Donibane Lohizuneko, Senpereko, Hendaiako, Hazparneko, Donapaleuko eta Donibane Garaziko estadioak gaueko heliazalera gisa erabili ahal izateko hornitu ditu Samu64Ak. Lanak, heliazalera horiek urruneko argiztapenerako ekipamenduekin eta estazio meteorologikoekin hornitzea izan dira batez ere.

Baionako heliportuan, halaber, heliazalera guztiak batera ikusi ahal izateko kamerak eta tresnak instalatu dira, baita estazio meteorologiko txiki bat ere, erabakiak hartzen laguntzeko tresna gisa balio duen ekipamendu osoagoaren barruan, Côte Basque-Samu64A Ospitale Gunean.

Euskadin beste heliazalera bat eraikitzen ari dira Gorlizko Ospitalean, eta hobekuntzak egiten ari dira Galdakaoko Ospitaleko eta Mendaroko Ospitaleko heliazaleretan.

Osakidetzako Emergentzietako, Nafarroako Babes Zibileko eta Côte Basque-Samu64A ospitaleko zentro koordinatzaileei zuzendutako protokolo medikoak ezarri dira, premiazko laguntza medikoa ematen laguntzen duten taldeek parte hartzen duten esku-hartzeetarako. Laguntzaren oinarria elkarri informazioa ematea, bitartekoak modu koordinatuan mobilizatzea, eta eragina jasotzen duen lurraldean biktima anitz sortzen dituen balizko jazoerari arreta emateko protokoloak egokitzea eta jarraitzea da.

Centre Hospitalier de la Côte Basque-Samu64A izenekoak 10 tablet ezarri ditu urruneko txosten medikoa idazteko bizi-parametroekin, pazientearen informazio mediko guztia eta beharrezko argazkiak barne. 10 gailu horiek berehalako komunikazioa ahalbidetzen dute Samu64Ako osasun-erregulazioko zentroarekin; bertan, Frantziako edo mugaz gaindiko arreta-zentro batean, berehala erregistratzen eta biltegiratzen da informazio informatizatu guztia, pazientea iritsi aurretik.

Nasuvinsak erabakiak hartzen laguntzeko web-tresna bat prestatu du koordinazio operatiboko zentroentzat. Web-tresna horrek Euskadin, Nafarroan eta Nouvelle Aquitainen dauden baliabideak adierazten ditu. Osakidetzako Emergentziaki, Nafarroako Babes Zibilari, Nasuvinsari eta Côte Basque-Samu64A Ospitaleari partekatu duten informazioa ikusteko aukera emango die, gainerakoen baliabideak, ezaugarriak, kokapena eta erabilgarritasuna kontsultatu ahal izan ditzaten.

Azkenean, joan den martxoaren 22an, simulakro bateratua egin zen Dantxarinean, mugaldean biktima ugari eragin zituen gertakari baten aurrean hiru eskualdeetako larrialdi-zentroen arteko koordinazioa eta erantzuna eraginkorrak zirela egiaztatzeko, bai eta eremu horretan hobetzeko eremuak identifikatzeko ere, behin betiko baterako jarduketa-protokoloak eta -gidak egiteko.

Jardunaldian larrialdiak kudeatzeko mugaz gaindiko lankidetzako beste esperientzia batzuk aztertu dira. Tomas Belzuneguik osasun-sektoreko berrikuntzarako Egalurg Proiektua aurkeztu du, eta Joseph Bonsonek suteei eta erreskateari buruzko Alert Proiektua azaldu du. Amparo López Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari nagusiak eman dio amaiera mintegiari.

 

HeliNET Proiektuari buruz

HeliNET Proiektua mugaz gaindiko arriskuei aurre egiteko lan egin beharra erakusten duen lanaren barruan dago, lurraldeko eragileek erantzunari aurrea hartzeko eta erantzuna planifikatzeko eta arrisku espezifikoei eta hondamendi naturalei emandako erantzunaren kudeaketan duten gaitasuna hobetuz.

Horretarako, Osakidetzako Larrialdiak, Nafarroako Babes Zibila, Nasuvinsa eta Côte Basque-Samu64A Ospitalea lanean ari dira arretako, erreskateko edo laguntzako helikopteroek lurra har dezaketen azaleren sarea hobetzeko, eta, bestalde, partzuergoa osatzen duten lurraldeen artean erantzun koordinatua eta integratua planifikatzeko, antolatzeko eta testatzeko.

Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du % 65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Horien laguntza mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoen garapenean oinarritzen da, lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bidez.