Osakidetzako Larrialdiak, Nafarroako Babes Zibila, Nasuvinsa eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Gunea aurrera egiten ari dira heli-azalera sarea sortzeko bidean eta beraien estaldurapeko guneetan gerta daitezkeen larrialdi, erreskate eta hondamendi egoerei aurre egiteko antolakuntza bateratuan.
Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko proiektuko bazkideek POCTEFA HeliNET proiektu europarraren partzuergoaren 5. bilera egin dute Baionan. Côte Basque-Samu64A Ospitale Gunean eginiko bileran, alde batetik, Gipuzkoan, Nafarroan eta Akitania Berrian heli-azalerak hedatzeko aukera aztertu da, erantzun integratuak emateko, lurralde mugakideetako helikopteroen erabilera koordinatuaren bitartez.
HeliNET proiektuaren barruan garaturiko tresna informatikoari esker, heli-azalera horiek eraikitzearen onura jasoko luketen udalerriak hauteman ahal izan dira. Aplikazio horrek, bigarren pauso batean, Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko baliabideak (helikopteroak eta anbulantziak) denbora errealean non dauden ikusteko aukera emango du, hiru lurraldeetako koordinazio-aretoetan.
HeliNET proiektua, gainera, erantzun bateratuko protokoloak amaitzen eta testatzen ari da, lurralde bakoitzak bere komunitate mugakideei modu koordinatuan eta integralean laguntzeko. Helburua inprobisazioari lekurik ez uztea eta eguneroko jardunean elkarri laguntzeko trebatzea da, eta horrek egoera guztietan erantzun ezin hobea ematea ahalbidetuko du.
Proiektuaren %65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga inguruaren ekonomia eta gizarte arloko integrazioa indartzea da. Programa horren laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretako mugaz gaindiko jardueren garapenean zentratzen da, lurralde garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.