Larrialdiak Osakidetzak, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta Côte Basque-Samu64A Ospitaleak parte hartzen duten HeliNET proiektu europarrak, 9. bilera egin du. Bilera horretan, gauzatzen ari diren ekintzak berrikusi dira, larrialdi-, erreskate- eta hondamendi-egoeretan arriskuak eta elkarri laguntzeko misioak elkarrekin kudeatzeko mugaz gaindiko lankidetza-sare bat sortzeko eta antolatzeko, helikopteroen erabilera sustatuz. Mugaz gaindiko proiektuak 2022ko ekainean amaituko du bere jarduera.

Bileran, kideek mugaz gaindiko hiru lurraldeetan–Euskadi, Nafarroa eta Nouvelle Aquitaine– larrialdi kolektiboko kasuetan elkarrekin esku hartzeko gidak landu dituzte. Osakidetza, Nafarroako Babes Zibila eta Côte Basque-Samu64A Ospitalea koordinatzen dituzten zentroei zuzendutako protokolo medikoak dira, premiazko laguntza medikoa ematen laguntzen duten taldeek parte hartzen duten esku-hartzeetarako.

Laguntza, elkarrekiko informazioan, bitartekoak modu koordinatuan mobilizatzean eta arazoa jasan duen lurraldean biktima ugari izan ditzakeen jazoera posibleari arreta emateko protokoloak egokitu eta jarraitzean oinarritzen da. Ildo horretan, hiru lurraldeetako koordinazio-zentroek jazoera amaitu arte emango diote informazioa elkarri. Hiru lurraldeetako esku hartzeko bitartekoek ondoko lurraldean esku hartzeko ahalmena izango dute.

Gidetan jasotzen denez, ebakuaziorako lekua mediku-taldeak esku hartzen duen herrialdetik gertuen dagoen eta tratamendurako baliabide tekniko egokiak dituen arreta-zentroa izango da.

HeliNET Partzuergoaren 9. bileran, proiektuaren bazkideek Akitaniako, Euskadiko eta Nafarroako heliazalera berrien obren egoera aztertu dute. Nouvelle Aquitainen egindako lanei dagokienez, SAMU 64ak Baionan, Bidachen, Kanbon, Donibane Lohizunen, Senperen, Hendaian, Hasparrenen, Donapaleun eta Donibane Lohizunen egindako jarduketak aurkeztu ditu. Kokalekuak, Samu64Ak gaueko heliazalera gisa erabili ahal izateko aukeratu ziren. Heliazalera horiek, batez ere, urruneko argiztapen-ekipoekin eta estazio meteorologikoekin hornitu dira. Esku-hartze horiei esker, helikoptero bidezko sorospen-zerbitzuek instalazio horietan gauez esku har dezakete.

Baionako heliportuan, kamerak eta tresnak instalatzeko jarduketak ere egin dira, azalera guztiak batera ikusteko, bai eta meteorologia-estazio txiki bat ere, Côte Basque-Samu64A Ospitalean erabakiak hartzen laguntzeko tresna izango den ekipamendu osoago baten parte gisa.

Nafarroari dagokionez, Leitzan, Lekunberrin, Saldiasen, Larrainzarren eta Izaban 5 heliazalera berri eraikitzeko lanak amaituta daude dagoeneko, eta Miluzeko heliazalerak zaharberritu eta egokitu dira, neurriak handituz; Belaguakoan, berriz, gaueko operazioetarako argiztapena instalatu da. Erkidego horretan, guztira, 207.360 euro inbertitu dira, HeliNET proiektua barne hartzen duten Feder funtsek % 65ean finantzatuta. Instalazio berri horiekin, gaur egun Nafarroak 49 heliazalerako sarea du, larrialdi-, emergentzia- eta hondamendi-misioetan helikopteroak lurreratzeko. Horrez gain, behar izanez gero, aldez aurretik egiaztatuta, lurreratzeko egokiak izan daitezkeen 12 puntu ditu.

 

Telemedikuntza eta web-tresna

Telemedikuntzaren esparruan, Côte Basque-Samu64A Ospitaletik telemedikuntzako 10 ekipamendu mugikor erosi dira, eta horiei esker, bizi-parametroak eta pazienteari buruzko beharrezko informazio mediko guztia biltzen duen urrutiko txosten medikoa sortu ahal izan da, eta beharrezko argazkiak egiteko aukera ere emango du. 10 tablet horiek hainbat anbulantziatan, ibilgailu medikalizatutan eta helikopterotan erabiltzen dira jadanik. Gailu horiei esker, berehalako komunikazioa ezar daiteke ospitalearekin, eta bertan informazio informatizatu guztia mantentzen eta gordetzen da, pazientea iritsi aurretik.

 

Telemedikuntzako tresna horrek telegidatzea ahalbidetzen du eta pazientearen egoerara egokitutako erantzuna ematen du. Paziente batzuk Nouvelle Aquitaineko osasun-zentroetara edo Nafarroako edo Gipuzkoako mugaz gaindiko osasun-zentroetara bideratzen dira. Beraz, Samuko unitatean bildutako elementuak ondoko mugaz gaindiko koordinazio-zentroetara eta kaltetutako pazienteak hartzen dituzten mugaz gaindiko osasun-zentroetara transferitu daitezke.

Era berean, HeliNET proiektuaren barruan, Nasuvinsa erabakiak hartzen laguntzeko web-tresna bat ari da prestatzen koordinazio operatiboko zentroetarako. Web-tresna horrek Euskadin, Nafarroan eta Nouvelle Aquitainen dauden baliabideak adieraziko ditu. Partekatu duten informazioa ikusteko aukera emango die Osakidetzari, Nafarroako Babes Zibilari, Nasuvinsari eta Côte Basque-Samu64A Ospitaleari, gainerakoen baliabideak, ezaugarriak, kokapena eta, etorkizunean, eskuragarritasuna, kontsultatu ahal izateko.

Topaketan, bazkideek aurrera egin dute larrialdi-egoeretan batera jarduteko ariketak eta simulakroak prestatzen, proiektuaren azken txanpan gauzatu ahal izateko.

HeliNET proiektua mugaz gaindiko arriskuei aurre egiteko lan-ildoaren barruan sartzen da, lurraldeko eragileen erantzunari aurrea hartzeko eta hura planifikatzeko gaitasuna hobetuz, bai eta arrisku espezifikoei eta hondamendi naturalei eman beharreko erantzunaren kudeaketan ere.

Horretarako, Osakidetzako Larrialdiak, Nafarroako Babes Zibila, Nasuvinsa eta Côte Basque-Samu64A Ospitalea lanean ari dira asistentzia-, erreskate- edo laguntza-helikopteroek lur har dezaketen azalera-sarea hobetzeko, eta, bestalde, partzuergoa osatzen duten lurraldeen artean erantzun koordinatu eta integratu bat planifikatzeko, antolatzeko eta testatzeko.

 

HeliNET proiektua

Proiektuaren % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugako integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Haren laguntza mugaz gaindiko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jardueren garapenean oinarritzen da, lurralde-garapen iraunkorraren aldeko baterako estrategien bidez.