Larrialdiak Osakidetzak, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta Côte Basque-Samu64A Ospitaleak parte hartzen duten HeliNET proiektua, beste 70 proiekturekin batera aurkeztu da, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak antolatutako POCTEFA NAVARREFA ‘Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Aukerak’ topaketan.

Urriaren 28an eta 29an Baluarten egindako topaketan, Nafarroak Europako POCTEFA programan izandako parte-hartzearen azken zazpi urteetako balantzea egin zen. Ekitaldia Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako sailburuak eta Slawomir Tokarski Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako zuzendari nagusiak inauguratu zuten, eta, ondoren, erakusten ziren Nafarroko proiektuen standak bisitatu zituzten.

Hitzorduak, 2014 eta 2020 artean Nafarroako proiektuek POCTEFAtik jasotako 49,1 milioi euroei eman zaien erabilera ezagutzeko balio izan zuen. Horiekin, 79,7 milioi euroko inbertsioak egin dira. Horrela, egindako inbertsio osoaren % 61 Europako funtsekin finantzatzea lortu zen, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako sailburuak emandako datuen arabera.

José Javier Boulandier Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendariak, “Show-casing” (erakusketa) batean aurkeztu zituen Osakidetzaren, Nafarroako Babes Zibilaren, Nasuvinsaren eta Côte Basque-Samu64A Ospitalearen arteko lankidetzaren emaitzak, larrialdi- edo premia-egoeretan, erreskateetan edo hondamendi naturaletan erantzuteko denborak optimizatzeko.

Slawomir Tokarski, Eskualde eta Hiri Politikako zuzendari nagusiak (Europar Batzordea); Carmen Hernández, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Europako Lurralde Lankidetzako zuzendariorde nagusiak (POCTEFA Espainiako Agintaritza Nazionala); Mathieu Bergé, Euroeskualdeko, Mugaz Gaindiko Lankidetzako, Portu eta Aireportuetako eskualdeko kontseilari ordezkariak (POCTEFA Frantziako Agintaritza Nazionala); eta Sergio Pérez, Nafarroako Gobernuaren Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak, Miluzeko eta Larraintzarko heliazalerak bisitatu zituzten.

 

HeliNET proiektua

Proiektuaren % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Haren laguntza mugaz gaindiko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jardueren garapenean oinarritzen da, lurralde-garapen iraunkorraren aldeko baterako estrategien bidez.