Osakidetzako larrialdiek, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneak parte hartzen duten HeliNET proiektuak 2022ko ekainean amaituko du bere jarduera. POCTEFA HeliNET proiektu europarrak mugaz gaindiko lankidetza-sare bat sortzea eta antolatzea bilatzen du, larrialdi-, emergentzia-, erreskate- eta hondamendi-egoeretan arriskuak eta elkarri laguntzeko misioak batera kudeatzeko, helikopteroen erabilera bultzatuz. POCTEFAk erabaki duen 11 hilabeko ezohiko luzapen hau, COVID-19aren pandemiak sortutako egoerak eragin du.

HeliNET Partzuergoaren 8. bileran, Nafarroan indarrean jarriko diren heliazalera berrien lanen egoera aztertu da. Dagoeneko amaitu dira Leitzan, Lekunberrin, Saldiasen, Larrainzarren eta Izaban 5 heliazalera berri eraikitzeko lanak, eta handiagoak izango diren Miluzeko heliazalerak zaharberritu eta egokitu dira, eta baita Belaguakoa ere (argiztapena jarri zaio gaueko operazioetarako). Denak denbora gutxi barri erabili ahal izango dira.

 

 

Bileran, erabakiak hartzen laguntzeko web-tresna bat erakutsi zaie koordinazio operatiboko zentroei. Web-tresna horrek Euskadin, Nafarroan eta Akitania Berrian dauden baliabideak adieraziko ditu. Partekatu duten informazioa ikusteko aukera emango die Osakidetzari, Nafarroako Babes Zibilari, Nasuvinsari eta Côte Basque-Samu64A Ospitaleari, gainerakoen baliabideak, ezaugarriak, kokapena eta, etorkizunean, erabilgarritasuna, kontsultatu ahal izateko.

Topaketan, larrialdi- eta emergentzia-egoeretan jarduteko baterako gidak eta protokoloak garatzeko aurrerapausoak eman dira.

HeliNET proiektua mugaz gaindiko arriskuei heltzeko beharra jasotzen duen lan-ildoaren barruan sartzen da, lurraldeko eragileek erantzunari aurrea hartzeko eta hura planifikatzeko duten gaitasuna hobetuz, eta baita arrisku espezifikoei eta hondamendi naturalei eman beharreko erantzunaren kudeaketa ere.

Horretarako, Osakidetzako Larrialdiak, Nafarroako Babes Zibila, Nasuvinsa eta Côte Basque-Samu64A Ospitalea lanean ari dira asistentzia-, erreskate- edo laguntza-helikopteroek lur har dezaketen azalera-sarea hobetzeko, eta, bestalde, partzuergoa osatzen duten lurraldeen artean erantzun koordinatua eta integratua planifikatzeko, antolatzeko eta testatzeko.

HeliNET proiektua

Proiektuaren % 65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga inguruko ekonomia eta gizarte arloko integrazioa indartzea da. Programa horren laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretako mugaz gaindiko jardueren garapenean zentratzen da, lurralde garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.