Nafarroako Babes Zibilak eta Larrialdiek, Osakidetzako Emergentziak erakundearekin, Côte Basque-Samu64A ospitalearekin eta Nasuvinsarekin batera, larrialdi simulakroa egin dute martxoaren 22an, asteartean, Dantxarinean, HeliNET mugaz gaindiko proiektuaren barruan.

Jardunaldi horren helburua HeliNET proiektuaren barruan landu diren hiru lurraldeetako laguntza-baliabideek elkarrekin jarduteko Gidak probatzea izan da, bai eta larrialdi indibidual edo kolektibo baten aurrean Euskadiren, Nafarroaren eta Nouvelle Aquitaineren artean erantzun koordinatua sortzeko duten ahalmena ere.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Berdintasuneko eta Barneko sailburuak simulakroaren garapenean parte hartu du, eta era positiboan baloratu ditu “esku-hartzeen eta maniobren kaudimena eta zehaztasun-maila, HeliNET proiektuak lau urte baino gehiagoko ibilbidean lortu duen arrakastaren eta koordinazioaren isla”.

Remirez lehendakariordeak nabarmendu duenez, “emaitza onak lortzen dira koordinaziotik eta elkarlaneko kulturatik lan egiten denean, guztion onerako eta herritarrei zerbitzurik onena emateko. Prebentzioa da ezbeharrak murrizteko eta horien ondorioak arintzeko tresnarik onena”, esan du.

 

Biktima anitzeko gertakariaren simulazioa

Hiru eskualdeetako Larrialdi Zentroen arteko koordinazioa eta erantzuna eraginkorrak diren egiaztatzeko, merkantzia arriskutsuak garraiatzeko ibilgailu baten eta bidaiari autobus baten arteko talkaren ondorioak simulatu dira (4 hildako, 6 zauritu larri eta 10 zauritu arin).

65 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte ariketan, plangintzan, behaketan eta kudeaketan, eta intzidentearen esku-hartzean. Nafarroako Gobernuaren aldetik, hauek hartu dute parte: Babes Zibileko, Suhiltzaileetako, Foruzaingoko, Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzuko eta Lehen Mailako Arretako Zerbitzuko teknikariek (Urdazubiko osasun-zentroa), Nafarroako Osasun Eskola Teknikoko figuranteek eta biktimei arreta emateko boluntarioek; eta Nouvelle Aquitaine eta Euskadiren aldetik SAMU64A eta Osakidetzako Emergentziak erakundeko profesionalek, hurrenez hurren.

Era berean, karpa bat instalatu da, Postu Mediko Aurreratu gisa altxatua, eta osasun-langileek bertatik bertara eman diete arreta biktimei, parte hartu duten hiru lurraldeetako ospitaleetara ebakuatzeko prestatuz.

Aginte Postu Aurreratutik (APA/PMA) kudeatu da, parte hartu duten lurraldeetako Larrialdiak Koordinatzeko Aretoekin lankidetza estuan, larrialdietako baliabide eta medio tekniko guztien mobilizazioa. Jarduera proiektuaren 5. Ekintzaren barruan sartzen da. Ekintza horrek simulakro bateratuen garapena eta aurreko protokoloak eta tresnak hobetzeko eta eguneratzeko ebaluazioa eta azterketa jasotzen ditu.

 

Heliazalera eta heliportu sarea

POCTEFA HeliNET europar proiektuaren helburua, larrialdi, erreskate eta hondamendietako egoeretan arriskuak eta misioak elkarrekin kudeatzeko mugaz gaindiko lankidetza-sare bat sortzea eta antolatzea da, helikopteroen erabilera sustatuz.

Helburua aireko larrialdi-zerbitzuen irisgarritasuna hobetzea da, larrialdietan, emergentzietan edo hondamendietan erantzuteko denborak murrizteko, bai arreta-zerbitzuak eremura iristeari dagokionez, bai ospitaleetara eramateari dagokionez ere.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, heliazalerak eraikitzeko eta lehendik zeuden beste batzuk hobetzeko lanak egiten ari dira; Nafarroan, berriz, bost heliazalera berri eraiki dira (Saldias, Lekunberri, Leitza, Larraintzar eta Izaba), eta beste bi egokitu dira (Belagua eta Miluce). Nouvelle Aquitaineri dagokionez, zenbait kirol-azpiegiturari urruneko argiztapen-ekipamenduak, kamerak eta estazio meteorologikoak eman zaizkie.

Nasuvinsak aplikazio bat garatu du, proiektuko bazkideek eskura dituzten baliabideak, horien ezaugarriak, kokapena eta, etorkizunean, erabilgarritasuna kontsultatzeko aukera izan dezaten. Gainera, herrietatik erreferentziako ospitaleetara eta hurbilenekoetara joateko behar den denbora kalkulatzeko aukera ematen du, bai anbulantzian, bai helikopteroan; bai herrietatik anbulantzian heliazaleretara eta heliazaleretatik helikopteroz erreferentziazko ospitaleetara zenbat denbora behar den kalkulatzeko aukera ere.

 

HeliNET proiektua

Proiektuaren % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugako integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Haren laguntza mugaz gaindiko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jardueren garapenean oinarritzen da, lurralde-garapen iraunkorraren aldeko baterako estrategien bidez.