Osakidetzako larrialdiek, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneak parte hartzen duten HeliNET proiektuak, larrialdi kolektiboa edo indibiduala gertatuz gero premiazko osasun arretarako mugaz gaindiko esku-hartzeko gidak aurkeztu dizkie Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko pilotuei, topaketa telematikoan. Helburua, hiru lurraldeetako larrialdi medikoetan aritzen diren zerbitzuek inguruko eta mugaz gaindiko hiru eremuen artean esku hartu ahal izatea da.

POCTEFA HeliNET proiektu europarrak mugaz gaindiko lankidetza-sare bat sortu eta antolatu nahi du, larrialdi-, premia-, erreskate- eta hondamendi-egoeretan arriskuak eta elkarri laguntzeko misioak elkarrekin kudeatzeko, helikopteroen erabilera bultzatuz.

Gidetan aurreikusitako esku-hartzeen helburua, bizi-larrialdia duten pertsonei lehen laguntzak ematea eta osasun-zentro batean artatu arte pazienteari laguntzea da. Bi gidak, larrialdi kolektiboko kasuetan batera esku hartzekoa eta larrialdi indibidualeko kasuetan batera esku hartzekoa larrialdia dira. Giden helburua mugakide dituzten komunitateei modu koordinatuan eta integralean laguntzea da. Helburua inprobisazioari tarterik ez uztea eta elkarri laguntzeko protokoloak ezartzea da, egoera guztietan erantzun egokia eman ahal izateko.

Elkarri laguntzeko protokolo komun horiek egiteko orduan, Côte Basque Ospitaleko SAMU 64A Premiazko Laguntza Medikoko Zerbitzuko, Larrialdiak Kudeatzeko 112 SOS Nafarroa Zentroko eta Larrialdiak Koordinatzeko Gipuzkoako Zentroko profesionalek hartu dute parte. Bilerak, helikopteroetako pilotuek egindako ekarpenak jasotzeko balio izan du.

Esku hartzeko gidetan hauei buruzko jarraibideak jasotzen dira: jarduketa aktibatzeko eta artikulatzeko modalitateak, zauritu edo paziente batentzat esku hartzeko modalitateak, esku hartzeko bitartekoak, larrialdi zerbitzuen eta osasun-arloko profesionalen gaitasunak, sorospen-zerbitzuen eta premiazko laguntza medikoaren arteko lankidetza, ospitaleratzeko tokia aukeratzea, kostuak norbere gain hartzea eta erantzukizuna eta baliabideak.

Giden arabera, esku-hartzeak SAMU 64Ak, 112-SOS Nafarroak edo Osakidetzako larrialdiek mugakide den eremu batetik dei bat jasotzen dutenean edo lurralde jakin batean eskumena duen larrialdietarako dei-zentro batek ondoko lurraldeko sorospen-baliabideak eskatzen dituenean aktibatu daitezke. Istripu kolektibo larriren bat gertatuz gero, laguntza medikoa beharrezkoa izan ala ez, dei-zentro bakoitzak ondoko biei larria izatera eboluzionatu dezakeen edo larria izan daitekeen gertaera kolektibo bat gertatu dela jakinaraziko die. Biktima bat baino gehiagori eragiten dieten istripuen kasuan, bazkide guztiei premiazko laguntza medikoa eskatuko zaie.

HeliNET proiektua

Proiektuaren % 65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga inguruko ekonomia eta gizarte arloko integrazioa indartzea da. Programa horren laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretako mugaz gaindiko jardueren garapenean zentratzen da, lurralde garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.