Euskadiko, Nafarroako eta Akitaniako ehun profesional inguruk hartu zuten parte, azaroaren 21ean, Biarritzen, “Larrialdietan mugaz gaindiko lankidetza hobetzea” jardunaldian. Larrialdien arretarako Nafarroaren, Akitaniaren eta Euskadiren artean heli-azaleren mugaz gaindiko sarea osatzeko eta helikopteroen erabilera sustatzeko POCTEFA HeliNET proiektu europarraren Mugaz Gaindiko 3. Jardunaldian, isolatuta edo ospitale azpiegituretatik urrutien dauden biztanleria-guneei laguntzeko eta esku hartzeko erak aztertu dira. Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak, Osakidetzako Larrialdiek eta Côte Basque-Samu64A ospitaleak osaturiko HeliNET partzuergoak lankidetza areagotu nahi du babes zibileko arriskuak eta baterako ekintzak kudeatzeko, eta elkarri laguntzeko misioetarako eta premia eta larrialdi egoeretarako protokolo komunak eta gidak aurrera eramateko.
Cité de L´Océan izenekoan (Biarritz) egin den jardunaldiaren inaugurazio ekitaldian, Jean Rene Etchegaray Euskal Kostaldea Aturri Aglomerazioko presidenteak, Michael Glanes Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroko zuzendariak eta Tarak Mokni SAMU CH Baionako mediku buruak hartu dute parte, eta HeliNET proiektua aurkeztu dute.
Goizean, telemedikuntzari, helikopteroz egiten diren osasun misioetan dagoen estresaren kudeaketaren prestakuntzari, aireko unitate pediatrikoari eta larrialdien telefono bidezko esku-hartzeen zuzendaritzari buruzko esperientziak partekatu dira. “Estresa eta larrialdia” izeneko lehenbiziko mahai-inguruan, SAMU CH Baionako Julie Larrieu doktoreak helikopteroz egiten diren osasun misioetan dagoen estresaren kudeaketari buruz hitz egin du. Angel Martin Osakidetzako Larrialdietako erizainak, hegaldian osasun larrialdi bat nola kudeatu aztertu du bere hitzaldian. Azkenik, Laurent Chyselenek helikoptero bidezko garraioak haur jaio berrietan duen eraginari buruz hitz egin du.
Bigarren mahai-inguruaren gaia “Helikoptero taldeen eraketak” izan da. Jean Louis Graciet SAMU CH Baionako erizainak helikopteroan doazen osasun arloko langileek prestakuntza aeronautikoa izateko aukeraz hitz egin du. Diego Gonzalez Osakidetzako osasun helikopteroaren gidariak pilotuek eta laguntzaileek erreskaterako trebetasunak izatearen komenigarritasunaz hitz egin du. Iñigo Beorlegui Nafarroako pilotuak, aireko erreskate unitate batean aparatu idealak izan behar dituen ezaugarriak azaldu ditu.
Arratsaldeko saioan medikuntzari buruz hitz egin da, SAMU CHU Poitierseko Jonquier doktorearen parte-hartzearekin. Anbulantzia pribatuen eta SAMUren arteko telemedikuntza esperientzia azaldu du. SAMU CH Baionako Patrick Michaudel eta Stéphane Cazala doktoreek, telemedikuntza low-cost medikuntza ote den galderari erantzun diote. Nafarroako Babes Zibileko Reyero Diez doktoreak istripu baten parametroak larrialdietarako deiak kudeatzen dituen zentrora bideratzearen interesa jorratu du.
Eguneko azken mahai-inguruan, Osakidetzak Gipuzkoan duen Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko Txema Unanue sendagileak telefono bidezko enpatiari buruz hitz egin du; SAMU CH Baionako Thomas Mezzanok larrialdiko esku-hartze bat telefonoz nola bideratu azaldu du; eta Jose Javier Boulandier Nafarroako Babes Zibileko kideak, kontrol zentroen arteko telefono trukeak hobetzeko bere esperientzia jarri du mahai gainean.
Proiektuaren %65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra muga inguruaren ekonomia eta gizarte arloko integrazioa indartzea da. Programa horren laguntza ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretako mugaz gaindiko jardueren garapenean zentratzen da, lurralde garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.