200 profesional inguruk hartu dute parte Nafarroako hiriburuko Planetarioan ostegunean, martxoaren 21ean, egindako “Larrialdi-misioetako helikopteroak” jardunaldian. Heli-azaleren mugaz gaindiko sarea garatzera eta Nafarroa, Akitania eta Euskadi artean larrialdiei arreta emateko helikopteroen erabilera indartzera zuzendutako Europa mailako POCTEFA HeliNET proiektuaren Mugaz gaindiko 2. Jardunaldian, Nafarroako Babes Zibilak, Nasuvinsak, Osakidetzako Larrialdiek, eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneak osatzen duten HeliNET Partzuergoa aurkeztu da. Ekimenak lankidetza sustatu nahi du arriskuen kudeaketan eta babes zibileko ekintzetan, elkar laguntzako misioetarako eta larrialdi eta premia egoeretarako protokolo komunak eta gidak garatuz.
Iruñeko Planetarioan egin den jardunaldian zenbait gai landu dira: osasun arreta helikopteroan; helikopteroak suak itzaltzeko misioetan; dronak eta aireko arautegia; eta helikopteroen erabilera erreskate eta salbamendu lanetan.
Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia sailburuak aurkeztu du HeliNET proiektua, Nafarroak, Akitaniak eta Euskadik partekaturiko ekimena dela gogoraraziz, eta “HeliNETek erantzuteko denbora tarteak murriztu ditzake, erantzun koordinatuaren bitartez aurre hartzeko gaitasuna hobetuz”, esan du. Sailburuak nabarmendu duenez, mugaz gaindiko lankidetza “garapen sozio-ekonomikorako aukera da, eta edozein lurraldeko funtsezko lan esparruetako bat. Lurraldeen arteko lankidetzak oso ongi azaltzen du zer garen Europan eta zer nolako Europa nahi dugun. Argi eta garbi daukagu lankidetza horrek onurak ekarriko dizkiela herritarrei, bere helburua arriskuen eta larrialdi, premia, erreskate eta hondamendi egoeren elkarren arteko kudeaketarako sarea garatzea baita”.
Isabel Anaut, Nafarroako Babes Zibileko zuzendariak azaldu duenez, “2020. urterako heli-azaleren eraikuntzari amaiera ematea eta jarduketarako protokoloak eta jarduketa gidak ezartzea aurreikusten da”.
Javier Madoz, NASUVINSAko GIS teknikariak, heli-azaleren kokalekuen lehentasunerako GIS tresnak aurkeztu zituen.
Osasun arreta helikopteroan atalean SAMU 64Ako, Osakidetzako eta Sistema d’Emergències Mèdiques de Catalunya-ko adituek hartu dute parte. Urko Blanco Osakidetzako sendagileak azaldu duenez, helikopteroek lurreko anbulantziek baino azelerazio-dezelerazio gutxiago dute eta dardara kaltegarri gutxiago eragiten dituzte, baina, aldi berean, dezibelio gehiago. Tarak Mokni SAMU Baionako zuzendari medikoak adierazi duenez, larrialdietako telefono zenbakietara egiten diren deien %0,7 baino ez da amaitzen helikoptero baten bidalketarekin.
Nafarroako Suhiltzaileen, Servicio de Gestión de Incendios Forestales de Aragón-en eta Bombers de Catalunya-ren ordezkariek, helikopteroekin suteak itzaltzeko misioetan izandako esperientziak partekatu dituzte. Bakoitzaren erkidegoko suteak itzaltzeko zerbitzuak, lanerako prozedurak, baliabideak eta helikopteroen erabileraren abantailak eta mugak aurkeztu dituzte. Heligráfics-eko eta AENAko ordezkariek eta Foruzainek hartu zuten parte dronei eta aireko arautegiari buruzko atalean.
Amaitzeko, helikopteroen erabilera erreskate eta salbamendu lanetan gaiari buruz hitz egin zen, Nafarroako Suhiltzaileetako, Kantabriako Larrialdi Zerbitzuetako, Asturiaseko Printzerriko Larrialdi Zerbitzuetako eta Ertzaintzako GRT adituekin.